Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

GAURKOTASUNAREKIN BAT; HEMEN KONTATUKO DIZUGU.

Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

Nire galdera da
18-01-2010

Lantegi Batuak-ek 72 lanpostu sortu ditu joan den urtean urritasuna duten pertsonentzat

2009a urte zaila izan da Bizkaian ekonomia eta enplegurako. Lantegi Batuak ere, enpresa-sarearen parte den aldetik, ez da fenomeno horretatik aparte egon; izan ere, bere negozio-bolumenean %35eko jaitsiera jasan du, batez ere industri azpikontratazioaren arloan.

Abagune larri hori gorabehera, irabazi asmorik gabeko erakunde honek urritasuna duten pertsonen –kolektibo horrek zailtasun bereziak ditu lan merkatuan sartzeko eta ehuneko 30eko langabezia-tasa dauka Bizkaian- enpleguari eutsi eta, gainera, 48 lanpostu berri sortu ditu; horrez gain, Lanerako programaren bitartez, urritasuna duten 24 pertsonari bilatu zaie lana enpresa arruntetan.

Enplegu-sortze hori zerbitzu sektorean dibertsifikatzeko estrategiari esker lortu da gehienbat; izan ere, sektore horretan hazkunde handia bizi izan dute Lantegi Batuek; esaterako, lorezaintzan, garbiketan, externalizazioan, digitalizazioan, dokumentuen kudeaketan eta zuzeneko publizitatean. Horretaz gain, zerbitzu berritzaileak garatu ditu: Etxejan (adineko pertsonei jatekoa etxera eramatea); Laguntek (lagungarri eta euskarri teknikoen alokairua) eta Hondata (dokumentu konfidentzialak suntsitzea).

Zerbitzu arloan aipatzekoa da, bestalde, Getxon –Udalak lagatako lursail batean- kokatu nahi den dokumentuen kudeaketa-bikaintasunerako zentro aitzindaria; zentro hori sektoreko erreferentzia teknologiko bihurtu nahi da eta, aurreikusita dagoenez, 2011rako jarriko da abian. Lantoki horretan urritasuna duten pertsonentzako 30 lanpostu sortuko dira eta dokumentuak kudeatzeko zerbitzuak bilduko ditu, baita teknologia berriekin, digitalizazioarekin eta artxibo-kudeaketarekin lotutakoak ere, dokumentu konfidentzialen suntsiketa barne.

Proiektu osoak 3,6 milioi euroko inbertsioa eragingo du eta Lantegi Batuek finantzatuko dute (Bizkaiko Foru Aldundiak 1,1 milioi euroko diru-laguntza emango du); izan ere, proiektu berean Zerbitzu Okupazional berria sortzea aurreikusi da, adimen urritasuna duten 100 pertsona hartuko dituena. Horrela, Uribe Kostako eskualdean egun dagoen eskaerari aurre egin ahalko zaio.

Gaur egun, adimen urritasuna duten 2.100 pertsonatik gora ari dira lanean Lantegi Batuetan. Horietatik %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenezkoa, eta %5ek buruko gaixotasunen bat.

Erakunde honek 20 zentro kudeatzen ditu Bizkaian eta lantoki horietan urritasuna duten pertsonek egiten dute lan. Bilbon 3 zentro ditu, beste 3 Etxebarrin, 2 Loiun, 2 Derion eta beste 2 Abadiñon; gainerakoak Sondikan, Basaurin, Sestaon, Zallan, Erandion, Markinan, Amorebietan eta Gernikan daude. Aurrekoez gain, Lantegi Batuek beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte: lorezaintza, garbiketa, gasolindegiak, vending eta abar.