Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

GAURKOTASUNAREKIN BAT; HEMEN KONTATUKO DIZUGU.

Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

Nire galdera da
23-02-2017

Lantegi Batuak Fundazioak urritasuna duten pertsonentzako 41 enplegu sortu zituen 2016an, horietako 27 Bizkaiko enpresetan

  • Lehen aldiz, Lanerako programaren bidez enpresa arruntetan lortu diren enpleguak gehiago izan dira zentro eta zerbitzu propioetan sortutakoak baino.
  • Azken 5 urteotan, Lantegi Batuak-ek 327 enplegu zuzen sortu ditu.
  • Gizarte ekonomia arloko erakunde honetan 3.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, eta 2016an bere historiako itxaron zerrenda baxuena izatea lortu zuen.

Egoera ekonomiko zaila gorabehera, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa izaki (Bizkaian langabezia tasa %30ekoa da), urritasuna duten pertsonen enplegua mantentzea lortzeaz gain, Lantegi Batuak-ek 41 lanpostu berri sortu zituen 2016an eta 27 kontratazio bideratu zituen enpresa arruntetan. Azken 5 urteetan 327 enplegu zuzen sortu dira.

Enpresa arruntetan enplegua sortzea posible izan da lagundutako enplegurako Lanerako zerbitzuari esker. Lanerakok aholkua ematen die enpresei urritasuna duten pertsonen kontratazioaren inguruan, administrazio publikoan laguntzak tramitatzeko erraztasunak ematen ditu, lanpostuari buruzko azterketa egiten du, hautaketak egiten ditu eta langilearen prestakuntza eta jarraipenaz arduratzen da, beste gauza batzuen artean.

Lantegi Batuak-en bidez urritasuna duten pertsonak kontratatu dituzten enpresetako bi Loomis Spain eta Biolan Microbiosensores enpresak izan dira. Iñaki Garayren ustez, Nafarroa eta Euskadin Loomis Spain enpresako Gerentea, laneratze hori positiboa izan da alde bientzat: "Loomisek pertsonen garapenaren alde egiten du; errespetu handiz tratatzen ditugu eta ahalik eta kalitate handiena ematen saiatzen gara, berrikuntza aplikatzen eta bezeroek espero dutena baino harago joaten; gure balioen parte dira horiek. Lantegi Batuak-eko lan-taldea eta Lanerako programa ezagutzea plazer handia izan da; izan ere, profesional bat lortu dugu gure talderako, eta balio berberak konpartitu ditugu prozesu osoan zehar. Laneratzea erabateko arrakasta izan da".

Bestalde, Asier Albizuk, Biolan Microbiosensores enpresako zuzendari Nagusiak, zera nabarmendu du: “oso ondo kohesionatutako taldea sortu da; gainera, jarduerak errentagarria izan behar du, noski. Horregatik, eta urritasuna duen pertsona bat kontratatzeko derrigortasunik ez dugun arren, Taldearen proposamena izan zen hori egitea". Bestalde, enplegu bereziaren arloan lan aukerak sortzeari dagokionez, Lantegi Batuak-ek bilakaera positiboa izan du industria arloan eta dibertsifikazioa zerbitzu-sektorera zabaltzeko estrategiaren ildotik jarraitu du; gaur egun bere jardueraren %40a hartzen du horrek.

Era berean, eta datu aipagarri moduan, esan dezakegu gizarte ekonomia arloko erakunde honek bere historiako itxaron zerrendarik laburrena lortu zuela 2016ko amaieran. Abenduaren 31n, 3.003 pertsona biltzen ziren Lantegi Batuak-en (%35 emakumeak eta %65 gizonak); horietatik %90 urritasunen bat dutenak: 1.598 pertsona adimen urritasuna dutenak, 925 urritasun fisiko edo sentsoriala dutenak eta 155 buruko nahasmena dutenak.

“2016a urte bizi izan da, ehun bezero berriri eman diegu erantzuna, industria eta zerbitzu mailan. Jarduera-erritmo hori positiboa izan da sektore-dibertsifikaziorako, eta horri esker lan aukera gehiago sortu ditugu Bizkaian, urritasuna duten pertsonentzako” esan du Txema Francok, Lantegi Batuak Fundazioko Zuzendari Nagusiak.

Prestakuntza arloan egindako ahalegin handia aipatu behar dugu. 43.000 ordutik gora inbertitu ziren horretan (2015ean 25.000 izan ziren). Mila pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten ikastaroetan. Hezkuntza arloko kolaborazioari dagokionez, aipatzekoak dira urritasuna duten ikasleentzako beken deialdi berriak, EHU/UPV, Deustuko Unibertsitatea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin lankidetzan.

Martxan dauden proiektuak

Bizkaiko zentro-sareari dagokionez, Sestaoko zentro berriaren obrak aurrera doaz. 2017ko amaieran martxan egotea espero da. Behin lanak amaituta, zentro okupazional bat eta enplegu zentro berezi bat egongo dira bertan, eta urritasuna duten 100 pertsonatik gora arituko dira. Jarduera nagusia zirkuitu elektronikoak eta kableatuak fabrikatzea eta ekipo elektrikoen mihiztatzea izango da.

Gizarte eta Lan arloan aplikatutako berrikuntzari dagokionez, adimen urritasuna duten langileen zahartze aktiboa sustatzeko proiektu baten lehen fasea burutu du Lantegi Batuak-ek. Esperientzia pilotu honen bitartez, Lantegi Batuak-en 5 zentrok espazio espezifikoak prestatu zituzten programa ezberdinak antolatzeko (300 parte-hartzaile izan ziren). Proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailaren laguntza dauka.

Bestalde, EHLABE, Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Berezirako Erakundeen Elkarteko kide den heinean, Europako Gizarte Funtsak %50ean eta %91,89 finantzatutako bi proiektutan parte hartzen du Lantegi Batuak-ek: Aukerability eta Gazteability proiektuetan hain zuzen ere, biak ala biak urritasuna duten pertsonentzako lan-aukerak sortzera bideratuak. Proiektu honek ere Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu eta Gizarteratze sailaren laguntza dauka.

Ekintzailetzaren arloan, Elkargi SGR eta Lantegi Batuak enpresek lankidetzarako esparru-akordioa sinatu zuten 2016an. ETE eta pertsona ekintzaileei proiektu berritzaileak garatzen laguntzeko akordioa da, martxan jarri eta finantza arloari dagokionez. Erreferente diren bi erakunde horien arteko aliantzak –Elkargi elkarrekiko berme sozietate bat da, Estatu mailako lehena; eta Lantegi Batuak gizarte ekonomia arloko Europako erakunde nagusietako bat- Bizkaiko enpresa-sarean proiektu berritzaileak garatzeko bultzada eman nahi du.

Elkargi eta Lantegi Batuak-en arteko akordioak fruituak eman ditu dagoeneko Euraslog enpresan. Izan ere, autobus eta anbulantzietarako haurrentzako euste-sistema bat patentatu eta homologatu du, eta merkaturatzen hasi da, Europan.

Aitortzak eta Ziurtapenak

Lantegi Batuak-ek 2016ko Gizarte Enpresaren saria jaso zuen, Once Euskadi Fundazioaren eskutik, baita Gizarte Berrikuntza arloko Ampans saria ere, beste batzuen artean.

Maila indibidualean, adimen urritasuna duten Lantegi Batuak-eko 33 langilek profesionaltasun ziurtapena jaso zuten, besteak beste, garbiketa eta lorezaintza arloetan euren esperientzia eta lanerako gaitasuna ofizialki aitortu eta egiaztatzen duena. Ziurtagiri aitzindaria da hori, adimen urritasuna duten pertsonentzako aurrerapen handia dakarrena, eta Lanbide Heziketaren Gaitasun eta Kalitatearen Ebaluaziorako Euskal Agentziak eman zien.

Lanerako programari buruz gehiago jakiteko www.lanerako.com web orria bisitatu.