Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

GAURKOTASUNAREKIN BAT; HEMEN KONTATUKO DIZUGU.

Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

Nire galdera da
18-04-2018

Lantegi Batuak erakundeak desgaitasuna duten pertsonentzako 123 lanpostu berri sortu ditu azken 3 urteetan, horietatik 86 Bizkaiko enpresetan

Aldi horren amaieran, 3.000 pertsonatik gora ari dira erakundean lanean; salmentak 180 milioitik gorakoak izan dira eta inbertsio-bolumena 10 milioi eurotik gorakoa.

Erakundeak dibertsifikazioa, gaikuntza, prestakuntza eta bezeroarenganako orientazio handiagoa hartu ditu oinarri nagusitzat, 2018-2020 aldirako estrategia lantzeko.

Lantegi Batuak-ek 123 lanpostu berri sortu ditu azken 3 urteetan; horietatik 86 enpresa arruntetako kontratazioak izan dira. Zifra horiek bereziki adierazgarriak dira lan merkatura sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonez ari garela kontuan hartzen badugu; izan ere, pertsona horien langabezia tasa ehuneko 30etik gorakoa da Bizkaian.

2017ko abenduaren 31n, 3.066 pertsona biltzen ziren Lantegi Batuak-en (%36 emakumeak eta %64 gizonak); horietatik %82 desgaitasunen bat dutenak. Lantegi Batuak erakundeak 180 milioi euroko salmentak lortu ditu aldi honetan, hiru urtez ehuneko 8ko batez besteko hazkunde erritmoa izanda. Denbora horretan, 10 milioi euroko balioko inbertsioak burutu ditu. Dinamismo horilortzeko, ezinbestekoak izan dira industria arloko berreskuratze esperimentatua eta, oso bereziki, erakundeak zerbitzu sektorera bideratuta ezarri duen dibertsifikazio-estrategia, egun bere jardueraren %50a betetzen duena.

Enpresa arruntetako enplegu sorkuntza Lanerako zerbitzuaren bidez kudeatzen da. Beste gauza batzuen artean, aholkua ematen die enpresei desgaitasuna duten pertsonen kontratazioaren inguruan, administrazio publikoan laguntzak tramitatzeko erraztasunak ematen ditu, lanpostuari buruzko azterketa egiten du, hautaketak egiten ditu eta langilearen prestakuntza eta jarraipenaz arduratzen da.

2017an desgaitasuna duten pertsonak kontratatu dituzten enpresetako bi Charamel Gozotegia eta Decathlon izan dira.

Charamel Gozotegia Bilboko Zazpi Kaleetako artisau gozotegi bat da, zapore tradizionalak lantzen dituen xarma handiko lekua. Angie Natalia ari da bertan lanean, gozogintza lantegiko laguntzaile gisa. Gainera, etxez etxeko banaketa eta gozotegiko garbiketa lanak ere burutzen ditu.

Nagore Ramosek, Charameleko arduradunak esan digunez, *“Lantegi Batuak-en lagundutako enplegu programarekin lan egitea oso esperientzia ona izan da. Lan arloko prestatzaileak emandako laguntza funtsezkoa izan da, batez ere hasieran; izan ere, nik ez daukat nahi beste denbora Nataliari gauza batzuk irakasteko”.

Charamel Gozotegiko lokalean esan digutenez, Angiek asko aurreratu du: “Etxez etxeko banaketan bikaina da. Harrigarria da nola konturatzen den non dauden lekuak. Makina bat da". Nagorek uste du adimen-desgaitasuna duen beste pertsona bat ere hartuko lukeela lan-taldean: “Beste lanpostu bat bete beharko bagenu, errepikatuko genuke.Ziur”.

Bestalde, Decathlon enpresa Lagundutako Enplegurako Lanerako programaren kolaboratzailea da, aspalditik. Bizkaian dituzten denda guztietan dago adimen-desgaitasuna duen langileren bat. Megapark Barakaldoko dendan, esaterako, bost dira.

Álvaro Fernándezek, Megapark Barakaldoko Decathlon dendako Natura Arloko Arduradunak, zera esan digu:“desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa gure enpresa-politikaren barruan dago, beste aspektu batzuen artean. Beti egin dugu politika sozialen aldeko apustu sendoa, gure ardatz estrategikoen barruan”.

Álvaroren atalean Jesús Mari ari da lanean. Adimen-desgaitasuna dauka eta 2016an sartu zen lan-taldean. Lan egiteko gogoa eta transmititzen duen alaitasuna dira bere ekarpen nagusiak. Jarrera horri esker, Jesús Marik bezeroekin konektatzen du, eta noski, baita bere lankideekin ere” esan du Fernándezek. Lanerako programaren balorazio positiboa egin du: “eskertzekoa da egiten den jarraipena, eta zerbait behar izatekotan, haiekin hitz egin dezakegula jakitea”.

Lan eta gizarte arloko berrikuntzari dagokionez, Lantegi Batuak-ek proiektu aitzindari bat garatu du azken urteetan. Horren bidez, langileen zahartze aktiboa sustatu nahi du, gizarte eta lan arloan.Esperientzia pilotu honen bidez, Lantegi Batuak-en 5 zentrotan eremu espezifikoak egokitu dira eta hainbat programa garatu dira. 300 pertsonak parte hartu dute. Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzaren laguntza izan du.

Prestakuntza arloan egindako ahalegin handia aipatu behar da, izan ere, 2017an 43.000 ordu bideratu ziren horretara. Gainera, urtean zehar, Lantegi Batuak-eko 91 pertsonak lortu zuten beren esperientzia profesionalaren aitorpena, hainbat espezialitatetan.

Era berean, aipatu behar da desgaitasuna duten ikasleentzako beka sistema errotuta dagoela. 7 deialdi egin dira dagoeneko; EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin elkarlanean.

2018-2020 aldi estrategikoa

Erakundeak dibertsifikazioa, gaikuntza, prestakuntza eta bezeroarenganako orientazio handiagoa hartu ditu oinarri nagusitzat, 2018-2020 aldirako estrategia lantzeko.

“Aldi estrategiko berriak berehala hartu beharreko erronkak planteatzen dizkigu, hala nola bezeroarenganako orientazio handiagoa, eta errentagarritasuna, industria eta logistika kudeatzeko ereduak hobetzea.Era berean, betiere desgaitasuna duten pertsonentzat Bizkaian lan aukerak sortzeko helburuarekin, negozio berritzaileen garapen eta dibertsifikazio prozesuan sakonduko dugu.Barne-prozesuari dagokionez, Lantegi Batuak osatzen dugun guztion prestakuntza, kualifikazio eta garapen profesionalaren alde egiten jarraituko dugu.Azken finean, erakunde malgu, berritzaile eta prestatuagoa izateko helburua dugu” esan du Txema Francok, Lantegi Batuak-eko Zuzendari Nagusiak.

Bizkaiko zentro sareari dagokionez, erakundeak Sestaoko zentro berria zabalduko du laster. 2018ko azken hiruhilekoan martxan egongo dela aurreikusi da. Jarduera nagusia zirkuitu elektroniko, kableatu eta ekipo elektrikoen mihiztatzea izango da eta 100 langiletik gora arituko dira bertan.

NAIA proiektuaren bidez, Lantegi Batuak erakundeak aukera berri bat sortu du, ekologikoki ekoitzitako barazki eta entsaladen bidez. Horrela, nekazaritza praktika iraunkorrak eta desgaitasuna duten pertsonen laneratzea uztartuko ditu.NAIA proiektuak 14 lanpostu berri sortuko ditu 2018an, eta bi urtetan 20ra heltzea ere espero da.

Era berean, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzen pertsonalizazioan sakontzeko xedez, horien zahartze aktiboa sustatzen jarraituko dugu. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Lantegi Batuak-en hainbat zentrotan burututako esperientzia pilotuaren ondorioz sortutako eredu berri bat ezarriko da.