Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

GAURKOTASUNAREKIN BAT; HEMEN KONTATUKO DIZUGU.

Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

Nire galdera da
17-03-2016

Lantegi Batuak-ek 90 lanpostu berri sortu zituen urritasuna duten pertsonentzat 2015ean

Azken 5 urteotan, gizarte ekonomiako erakundeak 378 enplegu sortu ditu zuzenean.

Urte bukaeran, 3.000 pertsona zituen bere zentro eta zerbitzu sarean, horietatik %87 urritasuna dutenak.

Egoera ekonomiko zaila gorabehera, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa izaki (Bizkaian langabezia tasa %30ekoa da), urritasuna duten pertsonen enplegua mantentzea lortzeaz gain, Lantegi Batuak-ek 61 lanpostu berri sortu zituen 2015ean eta 29 kontratazio bideratu zituen enpresa arruntetan (Lanerako lagundutako enplegurako programaren bitartez).

“2015 urte positiboa izan da urritasuna duten pertsonentzako enplegu sorkuntzari dagokionez. Kolektiboarentzako 90 lan-aukera berri sortzea lortu dugu Bizkaian”. Txema Franco, Zuzendari Nagusia. IKUSI ADIERAZPENEN BIDEOA.

2015 urteko ekitaldi-itxieran, 2.960 pertsona biltzen ziren Lantegi Batuaken (%33 emakumeak eta %67 gizonak); horietatik %87 inolako urritasunik ez dutenak, 1.483 pertsona adimen urritasuna dutenak, 919 urritasun fisiko edo sentsoriala dutenak eta 163 buruko nahasmena dutenak.

Enplegu sorkuntza hau posible izateko, ezinbestekoak izan dira industria arloko berreskuratze esperimentatua eta, oso bereziki, erakundeak zerbitzu sektorera bideratuta ezarri duen dibertsifikazio-estrategia, egun bere jardueraren %50a betetzen duena. Horrela, eta ekonomia krisia zein enplegu suntsipen orokorra nagusi diren egoeran, Lantegi Batuak gai izan da azken 5 urteotan urritasuna duten pertsonentzako 378 enplegu sortzeko.

Proiektu berriak

Lantegi Batuak-ek 2015ean martxan jarri dituen proiektu berrien artean, azpimarratzekoa da Sukaldaritza zerbitzuaren abiaraztea, Derion sortutako sukaldaritza zerbitzu zentrala. Proiektuak urritasuna duten pertsonentzako 20 lanpostu sortu ditu lehenengo fasean, eta gizarte eta osasun sektoreetan emango du zerbitzua (eguneko zentroak, egoitzak, zentro okupazionalak, klinikak, ospitaleak eta etxez etxeko janariak), egunean 4.000 menu egiteko gaitasunarekin. Ostalaritzari lotutako beste negozio batzuen artean, azpimarratzekoa da A-8 errepideko zerbitzuguneko Restop-aren kudeaketaren ardura, Zornotzan (Repsolekin sinatutako itunaren fruitu).

“Urtebete daramagu zabalik Zornotzako zerbitzugunean. Urritasuna duten 8 langilerekin hasi ginen lanean, egun 12 pertsona gara eta esperientzia oso positiboa izan da, pozarren gaude". Nagore Mimbrero, Restop-eko Arduraduna. IKUSI ADIERAZPENEN BIDEOA.

Proiektu horiekin biekin batera, Lantegi Batuak-ek ostalaritza eta turismo arloko beste ekimen arrakastatsu bat garatu du azken urteotan; BBK Bilbao Good Hostel (Repsol Gidak Estatuko 10 ostatu onenen artean hautatua).

Prestakuntza arloan, nabarmendu nahi dugu 26.000 ordu baino gehiago bideratu direla xede horretara, ikastaroetan langile-taldearen %66ren parte-hartzea izanik. Hezkuntza mailari dagokionez, aipatzekoak dira urritasuna duten ikasleentzako beken deialdi berriak, EHU/UPV eta Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan.

Gizarte eta Lan arloan aplikatutako berrikuntzari dagokionez, adimen urritasuna duten langileen zahartze aktiboa sustatzeko proiektua garatzen jarraitzen du Lantegi Batuakek. Esperientzia pilotu honen bitartez, Lantegi Batuaken 5 zentrok espazio espezifikoak prestatu zituzten programa ezberdinak antolatzeko (800 parte-hartzaile izan ziren). Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren parte-hartzea izan zuen.

Bestalde, EHLABE Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Berezirako Erakundeen Elkarteko kide den heinean, Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatutako bi proiektutan parte hartzen du Lantegi Batuak-ek 2015etik: Aukerability eta Gazteability proiektuetan hain zuzen ere, biak ala biak urritasuna duten pertsonentzako lan-aukerak sortzera bideratuak.

Bizkaiko zentroen sareari dagokionez, Lantegi Batuakek 2017an Sestaon tailer berri bat irekitzea aurreikusten du. Funtzionamendu osoan dagoenean, urritasuna duten 100 langile izango dira bertan. Zentro berri horretarako, Lantegi Batuakek 500.000€-ko diru-laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik gizarte azpiegituretan inbertitzeko.

“Zeintzuk dira 2016rako erronkak? Industria sektorean dugun kokapena finkatzea; horretarako, gure egitura sendotuko dugu, Sestaon elektronika eta muntaketa elektro-mekanikoen zentro berri bat ezarriz. Bestalde, dibertsifikazioa sakonduko dugu; urritasuna duten pertsonek presentzia txikia duten sektoreetan lan-aukerak sortzen, hala nola ostalaritzan edo turismoan”. Txema Franco, Zuzendari Nagusia. IKUSI ADIERAZPENEN BIDEOA.

Aitortzak eta Ziurtapenak Besteak beste, honako sariak jaso zituen Lantegi Batuak-ek 2015 urtean: Iberdrolaren Urteko Hornitzailearen Saria, enplegu-sorkuntzaren kategorian; FAAM ORO saria, laneratze kategorian; eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Maila indibidualean, adimen urritasuna duten Lantegi Batuak-eko 33 langilek profesionaltasun ziurtapena jaso zuten, besteak beste, garbiketa eta lorezaintza arloetan euren esperientzia eta lanerako gaitasuna ofizialki aitortu eta egiaztatzen duena. Ziurtapen aitzindaria da hori, adimen urritasuna duten pertsonentzako aurrerapen handia dakarrena, eta Lanbide Heziketaren Gaitasun eta Kalitatearen Ebaluaziorako Euskal Agentziak eman zien.

Hogeigarren urteurrenean, adimen urritasuna duten pertsonak enpresa arruntetan laneratzeko Lanerako programak aitortu egin zituen bertan parte hartzen duten Bizkaiko enpresa guztiak. Lanerako programari esker, 1995etik adimen urritasuna duten 350 pertsona laneratu dira Bizkaiko 162 enpresatan, enplegu egonkorraren aldeko apustu argi batekin. Horrela, egun indarrean dauden 92 kontratuen %80 mugagabekoak dira.