Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

GAURKOTASUNAREKIN BAT; HEMEN KONTATUKO DIZUGU.

Prentsa oharrak

Prentsa aretoa

Nire galdera da
04-12-2015

EHLABEk Europako Gizarte Funtsaren proiektu bat aktibatu du desgaitasuna duten pertsonentzako 554 lanpostu berri sortzeko

  • Euskadiko Gizarte-Ekimeneko Enplegu Bereziko Erakundeen Elkarteak AukerAbility proiektua abiaraziko du 8 milioi euroko aurrekontuaz, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz.
  • Europako Gizarte Funtsaren EAEko 2014–2020ko Programa operatiboari atxikitako proiektu honek desgaitasuna duten beste 2.382 langileren enplegua hobetzea ahalbidetuko du, prestakuntzako eta lanaren egokitzapen eta moldagarritasunaren arloko ekintzen bitartez.
  • Proiektu honi esker, % 1,85 murriztu ahal izango da kolektibo honen langabezia-tasa, urtean gizartearen gaineko 7,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eraginez.
  • EHLABEk Euskadiko enplegu bereziaren % 90 baino gehiago biltzen du, 100dik gora lan-toki eta hauetan desgaitasuna duten 8.500 langile inguru barne.

EHLABE Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Bereziko Erakundeen Elkarteak desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako 554 lanpostu sortu eta beste 2.382 pertsonaren enplegagarritasuna hobetzea ahalbidetuko duen asmo handiko proiektua abiarazi du. AukerAbility deritzon proiektu hau % 50 kofinantzatuko du Europako Gizarte Funtsak Euskadiko 2014-2020ko POaren bitartez, eta 8 milioi euroko aurrekontuaz baliatuko da hainbat ekintza bideratzeko, enplegu-nitxo berriak bilatuz eta desgaitasuna duten langileen zahartze aktiboa hobetzeko ekintzak garatuz, besteak beste.

Proiektua prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur goizean EHLABEren arduradunek, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko sailburuorde José Andrés Blascok eta Plangintza eta Enplegu-Berrikuntzako zuzendari Amaia Arteagak, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetu eta desgaitasuna duten emakumeen enplegua sustatzeko asmoz. Gaur egun, EHLABE elkarteak Euskadiko enplegu bereziaren % 90 baino gehiago biltzen du, 100dik gora lan-toki eta hauen egituretan desgaitasuna duten 8.500 langile inguru barne.

Euskadik kolektibo honi dagokion Europa osoko jarduera-tasarik handienetakoa duen arren, gaur egun, Euskadin desgaitasuna duten pertsonen % 42,5 baino ez dira aktiboak eta hauen arteko langabezia-tasa % 16,5 ingurukoa da. “Helburu nagusia, hortaz, kolektiboan dagoen langabezia-tasa murriztea da”, adierazi du Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzaileak.

Aurreikuspenen arabera, AukerAbility proiektuak eragin nabaria izango du langabezia-tasa eta jarduera-tasaren gainean. Sortuko diren 554 lanpostu berriek (horietako 222 emakumeentzat izango dira) 1,85 puntuko murrizketa ekarriko diote desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren langabezia-tasari. AukerAbility, krisiak eragindako egoera konpontzen ere saiatuko da. “Kolektiboa desabantailazko egoeran sartu zen krisiaren ondorioz, eta krisitik askoz ere egoera kaskarragoan ateratzen ari da”, nabarmendu du Moratallak.

Bi ardatz nagusi

Proiektuak bi ardatz nagusi izango ditu. Jarduera eta enplegu-nitxo berriak bilatzea eta desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea. Bi jarduera-ildoak Gureak, Katea Legaia, Lantegi Batuak eta Usoa erakundeen bitartez gauzatuko dira.

Honela, proiektuak ahalegin berezia egingo du, garatzeko bidean dauden sektore jasangarri berrietan nahiz oraingo jarduerako sektoreei balio handiagoa eta zerbitzu integralagoak ekarriko dizkieten praktika berritzaileetan, desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak sortu ahal izateko. Hauen artekoak ditugu energia berriztagarriak, logistika, elikagaigintza eta hirugarren adinerako zerbitzuak bezalako merkatu berriak edota landare-hondakinen tratamenduari eta osasungintza-sektoreari lotutako jarduera berriak.

Bestalde, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak bideratuko dira. Lehendabizi, hainbat ekintza gauzatuko dira prestakuntzaren arloan, aitortutako eta akreditatutako prestakuntza-prozesuak, metatutako esperientziaren aitorpena, teoria eta praktika uztartzen dituen prestakuntza duala eta lan-merkatura sartzea erraztuko duen laneko balio-aniztasuna barne. Era berean, hainbat jarduera abiaraziko dira langileen narriadura detektatu eta arintzeko, lan-giroetan horien zahartze aktiboa sustatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Era berean, AukerAbility proiektuak “gizartearen meseko itzulkin globala” aurreikusi du. Honela, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraunaldiko urte bakoitzeko inpaktua 7,5 milioi eurokoa izango da, hots, 13.500 euro inguru lanpostu bakoitzeko.