• Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko entitate bat da, urritasunen bat duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea eta lortzea xede duena.

Jatorria

Gure jatorria 1964. urtean bilatu behar dugu, Gorabideren (Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Elkarte Bizkaitarra) babespean lan babestuaren lehen lan esperientziak sortu ziren garaian. Adimen urritasuna zutenen guraso eta lagun talde batek sortu zuen elkartea, arazo horren aurrean alderdi sozial eta familiarrean gizarte-kontzientzia pizteko xedez, eta baita garai hartan existitzen ez ziren asistentzia zentroak sortzeko helburuarekin ere.

1983az geroztik

1983an Lantegi Batuak izena hartu genuen hirurogeigarren hamarkadaren amaiera aldera Bizkaian sortu ziren tailerren sarea koordinatzeko eta kudeaketa zentralizatzeko xedez. Era horretan, tailerretan enpresa egitura txertatu genuen urritasun psikikoa zuten pertsonei prestakuntza, okupazio eta enplegu aukerak zabalduz.

Geroago, 1987an, Lantegi Batuak-eko ateak ireki zitzaizkien urritasun fisiko edo zentzumenekoa zuten pertsonei, eta 2001ean buruko nahastea zuten pertsonen taldea ere sartu zen.

1998ko urtarrilean Fundazioa osatu genuen eta nortasun juridiko propioa eskuratu genuen.

Gaur egun

Bizkaiko enplegu babestuaren eremuan dimentsiorik handiena duen enpresa ekimena gara. Gaur egun lan aukerak sortzen ditugu urritasun ezberdinak (adimenekoa, fisikoa, zentzumenekoa edo buruko nahastea) dituzten 2.300etik gora pertsonentzat, bai industria jardueretan, bai zerbitzukoetan. Gure 20 lan zentroen artean 30.000 metro koadro baino gehiago dugu; eta horiei gehitu behar zaizkie Bizkaia osoan zehar banaturik dauden zerbitzuetako 9 taldeak.

Lantaldean, %63ak adimen urritasunen bat dauka; %21ak urritasun fisikoa eta zentzumenekoa ditu; %4ak buruko nahasteren bat jasaten du; eta gainerako %12a osatzen dute urritasunik ez duten langileek.

1.000tik gora bezero publiko eta pribatuko zorro bat dugu eta presentzia dugu sektore ugaritan, besteak beste, marketin zuzena, lorezaintza, automozioa, ekipamendu elektrikoak, energia berritzaileak eta zerbitzu osagarriak.